2014(e)ko ekainaren 26(a), osteguna

Inguru arrotzak samurtzera

Eguneroko espazioak arrotz dira bizi proiektu desberdinak dituztenentzat, eta inguru horiek samurtzeko borroka gogora ekartzeko eguna da ekainaren 28a: LGTBI lesbiana, gay, transexual, transgenero, bisexual eta intersexualen komunitatearen nazioarteko eguna. Euskal Herrian hasiak dira larunbaterako mobilizazioetarako deiak zabaltzen, eta, horiekin batera, analisi eta proposamen politikoak plazaratu dituzte zenbait eragilek. Hona hemen Berriak bildu dituen batzuk.
Bilgune Feminista
«Arau inposatu eta sozializatua» da heteroaraua, «sexu bipolarren gainean eraikia, heterosexuala, genitala eta maskulinitatearen plazerera bideratua». Bilgune Feministako kideen iritziz, ugalketan du oinarria sexualitate eredu horrek: «Ugalkortasuna irizpide duen sexualitateak ordena eta mendekotasuna sortzen ditu. Ugalketa ez-ugalketaren gainetik jarriz, gorputz ugalkorra, desira ugalkorra eta plazer ugalkorra gainontzeko adierazpenen gainetik ipintzen dute». 
  Topatu.info-rekin batera berriki aurkeztutako Arrakala egitasmoaren ildoari jarraitu dio Bilgune Feministak aurtengo kanpainan. Heteroarauari desobedientzia lelopean, «sistema kapitalista patriarkalak ezarritako arau sozialak» haustera deitu dute. Teoriatik praktikara jauzi egitea proposatu dute, «arrakalak sortzea, eguneroko jardunari dimentsio politikoa emanez».
     Hori dela eta, emakumeen sexualitatea eta ugalketa gaitasuna «kontrolatu beharreko elementuak» dira, Bilgune Feministaren ustez: «Hori hornitzeko, familia eredu patriarkala eta maitasun erromantikoa gure gorputzetan ezarri dituzte». Hartara, heteroaraua urratzen dute gay, lesbiana zein transexualek, baina guraso bakarrek, bi guraso baino gehiagoko familiek, edo harreman poligamoak dituztenek ere bai.
      Larunbateko mobilizazioetan parte hartzeko eskatu du taldeak, sexualitatea askatasunez bizitzeko hautua «harrotasunez» erakusteko. «Sexualitate eredu hegemonikoaren aurrean arauen barruan sartzen ez ditugun praktikak iraultzarekin lotzen ditugu; horregatik gaude harro!».

LAB
Sexu eta genero aukeren ondoriozko diskriminazioa lantokietan ere borrokatu behar dela nabarmendu du LAB sindikatuak. Horretarako, Jendarte eta lan eremu aske eta anitzen alde izeneko gida aurkeztu du. Definizioak jaso ditu, batetik, «bazterketa egoerak eta erasoak identifikatzen eta ezagutzen laguntzeko». Eta proposamen zehatzak helaraziko dizkiete enpresei, bestetik, «hitzarmenetan aniztasun sexualaren defentsa aitortu eta txertatzeko»; trebakuntza eta prebentzioa landu nahi dituzte, baita erasoei aurre egiteko protokoloak ere.

      Diagnostiko ezkorra egin du sindikatuak: «Sexu aniztasunaren edo genero identitatearen onarpen ezan oinarritutako lan diskriminazioan sakontzeko eratuta dago egungo testuingurua». Areago, «etsai giroa» pairatzen dute heteroarautik ateratzen direnek. LABek gogoratu du langile askok onartu dutela uneren batean beren genero edo sexu aukera ezkutatu izana: «Kontratazioaren momentuan edo lanean sor zitezkeen ondorio negatiboak saihetsi nahi izan dituzte: bazterketaren eta bakartzearen beldur izan dira, enplegua mantentzean edo mailaz igotzean izan zezakeen eraginaren beldur».

     Gobernuen jokabidea ere kritikatu du, bazterketa egoerak ez azaleratzeagatik: «Ez da sentsibilizazio lanik egin, ezta babes tresnarik jarri ere».

EILAS

Hezkidetzaren aldeko aldarrikapena egingo du gaur EILAS sindikatuak. LGTBI langile eta ikasleek hezkuntza sistemaren barruan jasaten duten egoerez hausnartzeko, eskoletara igorri duen unitate didaktikoa aurkeztuko du.

SEHASKA

Espainiako Gobernuak Erregistro Zibilaren legean egingo dituen aldaketak gaitzetsi dituzte Sehaska eta Magala LGTBI familien elkarteek, «ez dutelako sendiotako aniztasuna kontuan hartzen». Seme-alabak erregistratzean, bikote heterosexualen eskubide berak eskatu dituzte: «Bi andrek osatutako bikoteetan, gurasotasun zuzen eta elkartua onartzeko, ezkontza ezinbestekoa ez izatea aldarrikatzen dugu».

     Haurdunaldi subrogatuen auziari heltzeko ere eskatu diote Madrili: «Onartezina da espainiar nazionalitatea duten pertsonen haurrek erregistrora sarbiderik ez izatea, seme-alabatzat onartzen ez direlako. Espainiako Konstituzioak jasotzen dituen eskubideen aurrean baldintza berak ez izatea dakar horrek».

Mobilizazioak

Ipar Euskal Herrian joan den asteburuan egin zituzten sexu askapenaren aldeko mobilizazioak. Hegoaldean, berriz, larunbatean izango dira. Iruñean, 12:00etan autobus geltokitik aterako da manifestazioa; Gasteizen, 13:00etan, Andre Maria Zuriaren plazatik; Donostian, 19:00etan, Bulebarretik; eta Bilbon, 20:00etan, Moyua plazatik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina