2014(e)ko ekainaren 19(a), osteguna

Kutxabanken pribatizazioaren aurkako ekintza egin du Goierriko EH Bilduk

Atzo goizean Goierriko EH Bilduko hainbat kidek elkarretaratzea egin zuten Ordiziako Kutxabanken bulegoaren atarian eta esku-orriak banatu zituzten pribatizazioa salatuz eta entitatearen “izaera publikoa babestu beharra” aldarrikatuz.

GOIERRIKO HITZA. Herritarren artean banatutako informazioan azaldu zutenez, “kutxak funtzio sozial eta publikoa betetzeko jaio ziren, eta gizarte ekintzak zein inbertsioak bultzatzeko”. Era berean, gogorarazi zuten “finantza-sistema globalizatuak krak egin ondoren, Bilduk akordioa lortu zuela EAJrekin hiru Kutxak banku bakar bihurtzeko; baina haien izaera publikoa eta gizarte ekintza bermatzeko helburuarekin”.
     EH Bilduk salatu zuenez “gaur egun Kutxabank lehen entitatea da etxegabetzeak burutzeko orduan, obra soziala desmantelatzen ari da (Onkologikoa, esaterako) eta IRPHa aplikatzen dute. Kutxabanken pribatizazioarekin aurrera jarraituz gero,  kutxen kontrol sozial eta publikoa galduko da eta hamarnaka urtetan herritarrok eraikitako finantza-tresna handiena esku pribatuetan geratuko da, 45 pertsonek 80.000.000.000 euroren kontrola izango dute”.
    EH Bilduk proposatzen duenez, “Kutxabankek Banku publikoa izan behar du, bere helburuak izan behar du hemengo ekonomia errealean eta gizartean eragitea inbertituz eta ez espekulatuz, etxe kaleratzeak gelditu behar ditu eta IRPH aplikatzeari uko egin behar dio”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina