Erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioak egin dira Euskal Herriko hiriburuetan Katalunian galdeketa egiten ari diren egunean. Hasier Arraizek Donostian hitz egin du.
Katalunian milaka herritarrek botoa eman duten bitartean, Hego Euskal Herriko hiriburuetan hainbat bildu dira erabakitzeko eskubidearen alde. Bilbon, Iruñean, Gasteizen eta Donostian elkarretaratzera deitu zuten. Ikurrinak eta Kataluniako banderak izan dira nagusi, eta guztien artean Iruñekoa nabarmendu da, bat egin baitute EH Bildu eta Geroa Bai koalizioek eta LAB, ELA, EHNE, CGT, EILAS eta ESK sindikatuek.
Eragile horiek ohar batean azaldu dutenez, Espainiaren jarrera ez dator
bat “nazioartean demokratikoak diren estatuek berezkoak izan behar
dituzten jokabideekin”. Kanadak Quebecekin eta Erresuma Batuak
Eskoziarekin izandako jarrera jarri zuten adibide gisa: “Uste dugu
demokraziaren aroa iritsi dela; herriei zein herritarrei bideak ireki
behar zaizkie beraien etorkizunaren inguruko erabakiak era demokratikoan
har ditzaten”. Bitartean, Bartzelonan EAJko eta EH Bilduko ordezkariak batera agertu dira hedabideen aurrean. "Kataluniako herriari babesa eta elkartasuna adieraztera" azaldu dira EAJko eta EH Bilduko hainbat ordezkari. Tartean ziren Joseba Egibar GBBko presidentea, eta Pernando Barrena Sortukoa eta Rafa Larreina Amaiurreko diputatua Madrilen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina