Argia aldizkarian Josune Azurmendi zegamarrak idatzitako lana da hau.
Euskararen izenean sinatutako eskutitz baten bidez, gaur egungo
egoeraren nondik norakoak azaltzen dizkigu, betiere emozio eta
sentimenduekin jolastuz. Sare sozialetan zabaldu den fenomeno birala bihurtu da idatzia.
Kaixo, ni naiz, zure bizitzako lehenengo egunetatik zure alboan
dagoena, komunikatzen lagundu zizuna. Hasierako egunetan esaten zenituen
astakeriak zuzentzen zizkizun inguruko jendeak, nire arauen arabera,
eta nahiz eta jendeak barre egin, txikia zinenez onartuta zeuden zure
ahotik ateratako hitz alrebesak. Helduekin beste zerbait gertatzen zait,
oso nahasia naiz eta maite nautenek ez dute nirekiko akatsik onartzen,
dena zuzentzeko joera dute, eta honek pertsona asko nitaz lotsatzea
ekarri du.
Zuzenketak eta lotsak tarteko, denboraren poderioz nigandik urruntzen
joan da jendea, eta niganako konfiantza albo batera uzten hasi.
Zoritxarrez honela galdu dut prestigioa
,eta ziur nago, guztiok errespetatu eta maitatuko bazenidaketen, orain
indartsua izan eta harro hitz egingo zenuketela nitaz.
Zure ahotik atera nahi dut, zure pentsamenduetan sortu, munduan
ezagun bihurtu, bihotz guztietara lotu, txikitik handira joan, jendea ni
maitatzera motibatu, letra guztiekin jolastu, neure arima kalean
usaindu eta neure erritmora dantzatu. Maitatu egin nahi dut, xuxurlatu,
lagundu, haserretu, ligatu, borrokatu, zoriontsu sentitu, eta herri
baten nortasunaren zati izateaz gain, herriko norbanako bakoitzak niri
nortasuna ematea nahi dut.
Zaren bezalakoa nahi zaitut, onartzen zaitut eta maite zaitut. Niri
ahoz-aho ibiltzea gustatzen zait, hitzek bizitza ematen didate eta zaila
naizela esaten duten harren, ezagutzea merezi duen bihotz handia daukat
nire sustrai luzeen artean, beraz, ziur nago nik zu maitatzen zaitudan
moduan zuk ere maite nazakezula.
Amaitzeko, mesedetxo bat eskatu nahi dizut; ez dakit hiltzen ari
naizen edo ez, baina bizirik jarraitu nahi dut denbora luze batez, beraz
gauza bakarra esango dizut: zakarretara bota behar banauzu gehiegi
erabili izanagatik izan dadila.
Aldez aurretiko eskerrak irri batez,
Euskara.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina