2014(e)ko maiatzaren 15(a), osteguna

Zabor edukiontzi handiaren hileta egin dute Italiako Parman


Italiako Parma hirian (180.000 biztanle) kaleko kontainer handien erretiratzea ospatu dute maiatzaren 7an “Cassonetti addio” (agur, kontainer) ekitaldiarekin. Horrela burutu du udalak hiri osoa Atez Ateko bilketara pasatzeko prozesua, azken urteotan auzoka garatuz ekarri dutena.

ARGIA. Pello Zubiria. Agro-elikadura arloko bere industriagatik ezaguna den Parman azken urteotan eztabaida handia egon da bertan eraiki nahi zen errauskailuaren inguruan. Parmako eztabaidak garrantzia berezia izan du Italian Rifiutti Zero (Zero Zabor) mugimendua zabaltzeko bidean. Geroztik Parmako udalak Zero Zabor bideari ekin dio.
     Euskal Herrian Atez Atekoa ezarri den herri askotan bezala, Italiakoetan ere ospatzen da zabor nahasientzako aspaldian ohikoak bihurtu diren kontainer handi oro-jaleak kaleetatik erretiratzeko eguna. Parman ere hala egin dute, eta horri begira prestatu dute “Addio al Cassonetto. Per un futuro differenziato” bideo txit polit hau, sinboloz betea. Factory di Parma konpainiak dohainik oparitu dio ekitaldia udalari. Berrogeita hamar arizalek hartu dute parte: herriko errugbi jokalariak, dantzariak, skaterrak, txirrindulariak, baseballeko jokalariak, boxealariak… halako giro surrealista bat sortuz, swing, gospel eta bestelako sonoritateak uztartzen dituen metal kinteto baten musikarekin. “Felliniren zineman aurkitu dut inspirazioa -esan du Mattia Bergonzi zuzendariak-: mundu bat bukatzen da eta berri bat hasten, Atez Ateko bilketak dakarrena. Ironiaz irudikatzen saiatu naiz, alde batetik izpirituak baretzeko eta bestetik aldaketako unea markatzeko”.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina