2014(e)ko maiatzaren 1(a), osteguna

Manifestazio jendetsua egin du LABek Ordizian

'Langileok erabaki, Euskal Herrian erabaki dezan' lelopean manifestazio jendetsua egin du gaur goizean LABek Ordizian. Goierriko herri guztietako bizilagunak gerturatu dira bertara langileen eskubidean errespeta daitezen exijitzeko. LABen deialdiarekin bat egin dute Goierriko Sortu eta Ernaiko kideek ere.
Argazkia: Goierriko Hitza
    LABeko ordezkariak amaierako ekitaldian adierazi duenez maiatzaren lehena "urte guztiko borrokak uztartzeko" eguna izan da. Hala, negoziazio kolektiboaren eta lan baldintzen defentsa egin dute; baita lan harremanetarako euskal esparruaren eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena ere.
Hazkunde ekonomikoan gaudela "gezurra" dela esan du LABeko kideak. Enplegua jaisten ari dela eta soldatak erasotzen ari direla salatu du; langabezia gora egiten arid ela eta babes soziala murrizten ari dela ere gogorarazi du.
    Gainera, langileek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea duela defendatu dute. Gaur egun, botere ekonomikoak bakarrik erabakitzen duela salatu dute. Horregatik irtenbide propio baten beharra azpimarratu du LABeko bozeramaileak. "Burujabetza ekonomikoa, soziala eta politikoa aldarrikatzen dugu. Eta ez da etorkizunari begira egiten dugun aldarrikapena, momentu historiko honi aurre egiteko bidea dela planteatzen dugu. Gaurko egoera larriari buelta ematea ekarriko duen hautu politikoa bakarra dela uste dugu", azaldu du.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina