2014(e)ko maiatzaren 19(a), astelehena

Gazte errebeldeen ahotsa Europara eramango du EH Bilduk

NAIZ. Josu Juaristi EH Bilduko zerrendaburuak agerraldia egin du Donostian Ikoitz Arrese eta Aitziber Salazar hautagaiekin, martxoaren 25eko hauteskundeetan koalizioari babesa adierazi dioten hainbat gazterekin batera.
     Ikoitzek eta Salazarrek nabarmendu dutenez, europar hauteskundeak «urrun» geratzen dira gazteentzat, baina urruntasun hori «gertutik» bizi nahi dute euskal gazteek.

     «Borrokatzeko nahi dugu Europaren bihotzera joan eta horregatik Euskal Herria Bildu bozkatuko dugu datorren igandean. Euskal gazteriak ere ekarpen izugarria egin dezakeelako Europa eraldatzeko, gazteon bozka errebeldea EH Bildu izanen da», iragarri dute.
     Gaur egungo Europa «gaixo» dagoela eta horren «sintoma eta ondorio» langabezia, prekarietataa, homofobia, arrazakeria direla adierazi dute. Sendabidea, berriz, «gure esku dago gazte bakoitzak baitauka erabakitzeko eskubidea».
     «Zapalketa eta urraketa» horien guztien aurka borrokatzeko gune gisa ulertzen dute Europa EH Bilduri babesa adierazi dioten gazteek, eta horegatik Europara «sistemari pitzadurak sortu eta errotik eraldatzera» joango dira.
     EH Bilduk, nabarmendu dutenez, «gazteon ahotsa izan nahi du» eta horretarako haien «behar eta nahiak» Europako Legebiltzarrera eramango ditu.
     «Gazte sortzaileon ahotsa, konplexurik gabe aske bizi den gazteon ahotsa, elkartasuna eta balore aurrerakoiak bultzatzen ditugun gazteon ahotsa, gure eskubideen alde borrokatzen dugun emakumeona, bestelako hezkuntza eredu bat aldarrikatzen dugun ikasleona, euskara maitatu eta bizi dugunona, arrazakeriaren kontra gaudenona, alternatibak egunero eraikitzen ditugunona… ondorioz, bizitza duina eraiki nahi dugun gazteon ahotsa izango da EH Bildu», nabarmendu dute.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina