2014(e)ko maiatzaren 17(a), larunbata

“Zer izango da Nafarroa? Nafarrok nahi duguna”

ARGIA. Gure Esku Dagok azaldu duenez, dinamika “indartsu” ari da garatzen Nafarroan, dozenaka talde sortu dira eta milaka lagunek eman dute jada izena. “Nafar guztion artean erabaki behar dugu biharko Nafarroak nolakoa izan behar duen –esan dute prentsaurrean hainbat lagunek–; gure esku dago eta ekainaren zortzian elkarren eskuei helduko diegu”.
     Iruñeko Katrakrak gunean eginiko agerraldian, Mikel Sotok eta Garazi Rotak hainbat hausnarketa mahairatu dituzte. Euren esanetan “lur askotariko lurraldea” da Nafarroa eta herritar bakoitzaren abiapuntua eta proiektu politikoa ere  ezberdina da: “Baina gertatu ez daitekeena zera da: beste batzuek gure ordez erabakitzea”.
     Euren esanetan, Gure Esku Dago dinamika “erabaki ahal izatearen izaera demokratikoan” oinarrituta dago: “Hau ez da abertzaleen afera. Dinamika honen erroetan ez daude ez bandera ez eta identitateak ere.  Demokrazia dago; Nafarroa, Navarra edo Nabarra (deitu nahi bezala) nafarrok erabakitzen duguna izan dadin”.
     Nafarroan Gure Esku Dago ekimena azkartu egin dela azaldu dute prentsaurrean, Hainbat kilometrotan giza katea osatzeko beharrezkoa zen jendea jadanik gainditu da. 30etik gora aurkezpen eta asanblada egin dira lurralde osoan eta dezenaka herritan lan taldeak sortu dituzte: Bianan, Lizarra, Tuteran, Zangotzan, Tafallan, Otsagabian, Altsasun, Basaburuan, Elizondon,  Atarrabian… 

Atzera kontaketa hasi da
22 egun, 10 ordu, 28 minutu eta hamaika segundo, hamar, bederatzi, zortzi… Horixe da Durango eta Iruñea lotuko dituen giza katerako falta den denbora. Antolakuntzak atzera kontaketa egiten duen erlojua martxan jarri du bere webgunean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina